XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), ekonomikoa eta soziala, praktikan iharduera-eremu bat ere kanpoan uzten ez zuten arau eta betebeharren pean zegoen.

Baina pertsona zentzu modernoan aske ez zen arren, ez zegoen ez bakarrik ez isolaturik.

Jaiotzatik, mundu sozialean leku zehatz, aldaezin eta eztabaidagaitz bat izatean, gizakumea osotasun egituratu batean erroturik zegoen, eta horrela bizitzak ezbairako ez lekurik ez beharrizanik uzten ez zuen esangura zeukan.

Pertsona gizartean zeukan paperarekin identifikatzen zen; nekazaria, artisaua, zalduna... zen eta ez lanbide hau edo bestea edukitzea gertatu zitzaion gizabanako bat.

Ordenu soziala ordena natural bat bailitzen bururatzen zen eta beronen zati definitu bat izateak segurtasun eta bertakotasun-sentimendua zemaion gizakumeari.

Lehia gutxi zegoen konparatiboki.

Ekonomi egoera batean jaiotzen zen eta honek tradizioak ezarritako bizimaila bat bermatzen zuen, goragoko hierarkia sozialari zenbait betebehar ekonomiko jakin zekarkion bezalaxe.

Baina bere gizarte-esferaren muga barruan, gizabanakoak askatasun handia zeukan egiatan, bere nia bere lanean eta bere sentimendu-bizitzan adierazteko.

Bizimolde posible askoren artean mugarik gabeko aukeramenaren (oso abstraktua den aukera-askatasunaren) esanahi modernoko indibidualismorik ez zegoen arren, bazegoen, gradu dexentean egon ere, indibidualismo konkretua bizitza errealaren barruan.

Sufrikarioa eta atsekabea ugari zeuden, baina hantxe zegoen Eliza ere eroangarriago bihurtzen zituena, Adanen bekatuaren eta gutariko bakoitzaren bekatuen ondorio zirela esplikatuz.

Elizak, erru sena sustatzearekin batera, bere seme-alaba guztiei zien baldintzarik gabeko maitasuna segurtatu ere egiten zion gizabanakoari eta Jainkoak maite zuela eta barkatzen ziola uste osoz sinestera iristeko modua eskaini ere bai.

Jainkoarekiko harremanak konfidantza eta maitasunezkoak ziren, beldur eta zalantzazkoak baino areago.

Nekazaria eta hiriko bizilaguna eurena zuten geografi esparrutik nekez haragotzen ziren bezalaxe, unibertsoa ere mugatua eta ulerterraza zen.

Lurra eta gizakumea ziren orduko erdigune, zerua eta infernua geroko bizileku, eta sortzetik heriotzara arteko egintza guztiak gardenak ziren euren elkarreragin kausalean.

Hala ere, nahiz eta gizartea honela egituraturik egon eta gizakumeari segurtasuna eman, morrontzapean ere bazeukan.

Geroagoko mendeetan, autoritarismoaren eta opresioaren ondorioz, sortu zen morrontzatik diferentea zen hau.